XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Paul Fairfax eta biok eskolan elkarrekin ibiliak ginen.

Gainera, auzoak ginen eta oso lagun onak.

Diru piska bat irabazi eta aurreratuz, eta kapritxo batzu alde batera utziz, itsasuntzi txiki bat erosteko sosak bildu genituen.

Hogeita zortzi oineko balandra koskor bat zen, Mist izenekoa, gabia txiki bat eta kila mugikorra zuena.

Paul-en aitak bazuen yate bat eta bera ibili zen, harat eta hunat, guretzako moduko untzi baten bila.

Egia esateko, Paul eta biok beraren goletan Whim izenez ibiliaren poderioz trebatu ginen untzi kontuan eta orain, Mist delakoaren jabe ginelarik, gure esperientzia borobilagoa izango zen.

Mist untzia nahiko zabala zen, eta oso eroso eta egokia gertatzen zen.

Kabina gizon bat zutik sartzeko modukoa zen eta bertako sukalde, tresneria eta kamainak aski onak ziren astebeteko bidaiak egiteko ere.

Hain zuzen, lehen bidaia zen hura eta horrexegatik genbiltzan gauez itsasoan.

Inularrean irten ginen Oakland-etik eta orain Alameda Creek-en bokaletik kanpora geunden, kresalezko estuario zabala, San Leandro badia hustu eta bete egiten duena.